XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. - ALDIZKARIGINTZA

Haurrentzako aldizkarigintza arloan oso aldaketa gutxi egin dira azken urteotan. Bi aldizkari izatetik lau izatera pasatu direla, izan ere 1992ko irailean plazaratu zen Xirrixta aldizkaria izan da azken urte hauetako berririk garrantzitsuena. 4-8 urteko haurrei zuzendua, Milan argitaletxe frantziarraren Toboggan aldizkaria du eredu.

Milan etxe horren eta Euskal Kultur Erakundearen arteko produktua da Hendaiako aldizkaria. Xirrixta-k oso antzeko ereduari jarraitzen dio ale guztietan: komikiak, irakurgai arinak (poesiak edo antzeko testuak), denborapasak eta jolasak, eta azkenik ipuin bat.

Aldizkariaren helburua irakurtzen ez dakiten eta hasten ari diren haurrak izanik, irudi eta ilustrazio ugariko eta testu gutxiko aldizkaria dugu. Haurraren garapen osoa bilatzen duen argitalpena, bilaketa, ordena, logika, antolaketa, eraikuntza, irudimena, sorkuntza... gaitasunak lantzen dituen aldizkaria, alegia.

Alde horretatik literatur aldizkari bat baino gehiago da. Sukalde xokoa, margoketa, jolasa, ... sailek aberastasun handia ematen diote aldizkariari; gainera, gurasoentzako orriak argitaratzen dituzte gehiagarri moduan, gurasoei interesa dakiekeen gaiei buruz edo aldizkariari buruzko informazioarekin eta bestalde Kometa gazte aldizkaria atera berri da talde hauek berek bultzatuta.

Euskaraz argitaratzen diren haurrentzako aldizkari horiek ikusirik, euskal kulturaren eta euskal haur eta gazte literaturaren gabeziak azaleratzen dira: ez dago eskaintza handirik (hiru aldizkari hilero eta laugarrena bi hilero) baina badago zerbait; haur txikientzako dagoen Xirrixta nahiko hezitzailea da, haurraren garapenari begira eginiko produktua da eta; gazteentzakoek, berriz, batez ere komikigintza lantzen dute edo ipuin baten inguruan eraiki, Kometa-ren kasua.

Kanpoko lanen menpekotasun handia dago; itzulpenak, oro har, gehiago dira sor lanak baino; dena dela, azken puntu honi dagokionez, Ipurbeltz aldizkarian bertako sorkuntza itzulpenari nagusitzen zaio.

Baina gabeziak edo ezaugarriak alde batera utzirik, ikuspegi literario batetik pobretzea gertatu da euskal haur aldizkarietan.